3 de agosto de 2008

Zumarraga - Donostia (ejem, Villabona)

Ideia bikaina zen, baina ez zen pentsatu bezala irten.

Pasa den larunbat honetan, abuztuak 2, Zumarragatik Donostiara joateko asmoa genuen bizikletaz.

Helburu horrekin lau lagun elkartu ginen: Atxun, Pablo Irizar, Bittor Urbegain (gida lanak egin zituena) eta ni. Goizeko 6:00etan jarri genuen ordua, helburua Donostiako klasika baino lehen Boulevardera iristea.

Giro zoragarriarekin abiatu ginen Antikoko ermitan gora. Aurretik sekulako ibilbidea genuen: Atxurtzatik Kizkitzara. Handik Mandubiara eta Mandubiatik Murumendira. Beasain atzean utzi eta Bidania aldera, Santa Ageda auzora hain zuzen ere. Han bide eta pista batetik Zelantun mendira, Ernioren magalean. Behin han ginala Iturriotzera jaitsi behar genuen ondoren Aiara iristeko, handik Oriora eta Mendizorrotz igo ondoren Igeldotik behera jaitsi behar ginen Gipuzkoako hiriburura. Plana ezin hobea zen eta eguraldia Bittorrek esaten zuen bezala: " enkargatuta bezelakoxea!"

Egunsentia Kizkitza biden

Baina dana ez da nahi bezala irteten. Primeran zihoan bidaia: adarjotzeak, izerdia, aldapa, erorikoren bat, despisteak... hala ere aurrikusi gabeko arazo batekin egin genuen topo: halabeharra.

Kamara zergatik atera zen aurreko kubiertatik, badu arrazoi logiko bat: jarri berri nizkion kubiertak zaharrak ziren. Hala ere zergatik hasi zen Santa Agedatik Zelatunera bidean eta ez lehenago misterio bat da.

Ezin nien pedalei eman kamarak gurpila deformatu eta frenuan ikutzen zuelako. Horretaz gain kamara agerian geratzen zelarik leherketa baten arriskua nuen, beraz munduko pazientzia guztiarekin hustu nuen aurreko gurpila, kubiera llantaren barruan sartu eta berriro puztu. Bospasei aldiz egin nuen ekintza hau etsi nuen arte: ezin nuen kamara atera gabe mantendu.

Zelatungo aldaparen hasieran nengoen, baina Zelatun gaineko bordako Pello, nire arazoran berri izatean hantxe gerturatu zen Patrola hartuta eta maladan gora igo gintuen bizikleta eta ni. Behin goian bereak eta bi asmatu genituen bidaia aurrera jarraitu hala izateko, hala eta guztiz ere ezinezkoa! Etsi-etsian konprenitzen hasi nintzen nire bidaia hantxe amaitu behar zuela. Zelatunetik ia itsasoa ere ikus zitekeen, baina ezingo nuen pedalkadaka heldu.

Beste behin ere laguntza jaso nuen Asteasuko gazte batengandik. Berak eramango ninduen Iturriotzetik Villabonak tren geltokira. Zoragarria da ezagutzen ez zaituen jendeak laguntzen zaituenean.

Beraz, enbidia pixka batekin ikusi nituen Atxun, Pablo eta Bittor aldapan behera urruntzen. Itsaosaldera. Nik gauza bat ikasi nuen: era guztietara saiatzen zarenean, nahiz eta ez lortu penarik ez dela sentitzen, are gehiago inoiz baina gogo gehiago sentitzen ditut berriro bide horri heltzeko, eta pixka bat aurrerago heltzeko.

Gurpila bridez lotuta, zerbait egin beharko!